Ingo al deu?
Gurea bezalako gizarte bateko hezkuntza-sistema propioak, luzaroan diglosia egoeran dagoen hizkuntza bat duenak, bermatu behar du ikasle guztientzako hizkuntza-gaitasun bera eta euskaraz ondo jakitea. Horiek horrela, euskal hiritar guztien funtsezko eskubidea da euskaraz jakitea eta euskara komunikazio-tresna izatea hala eguneroko bizitzan nola irakaskuntzan, eta eskubide hori osoki eta pertsona guztiei bermatu behar die gure hezkuntza-sistemak. Ildo berean, ondorio gisara esan daiteke ikasle guztien betebeharra dela derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan euskara erabiltzeko hizkuntza-gaitasun osoa izatea; horretarako, ezinbestekoa da bai hezkuntza-eskaintzaren planifikazioak, eta bai bitarteko eta baliabide erabilgarriek hori ziurtatzea.
Gaur egun unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetan hizkuntza-eredu bereiziak daude, bai EAEn bai NFEn. Horrek, baina, ez du ez eskubiderik ez helburuaren lorpenik bermatzen. Euskararen egoera bereziki kezkagarria da Nafarroan, izan ere, bertako euskararen legeak ez ditu bermatzen eskubide berberak herritar guztientzat eta bizilekuaren arabera bereizten ditu. Honek are distortsio handiagoa dakar hizkuntza-eredu desberdinak dauden egoera honetara, zona desberdinen irizpidea gehitzen duelako. Hori dela eta, ereduak berrikusi behar izateaz gain, premiazkoa da euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea.Lurralde batzuetan ofiziala ez izateaz gain, lurralde guztietan eredu desberdinak daude eta horren ondorioz gaitasun maila desberdinak sortzen dira euskararen erabileran derrigorrezko hezkuntzaren amaieran, eta horrek segregazio arriskua dakar ikasleen artean gaitasun maila desberdinen arabera.
Garbi dago, beraz, sistema hori gainditu beharra dagoela, hau da, orain dagoenaren lekuan beste sistema bat jarri beharra dagoela. Hala, arau-esparru orokor batetik abiatuta, ikastetxeek hizkuntza-normalizaziorako plan bana egin behar dute. Horretarako, ikasle bakoitzaren eta bere inguru familiar eta sozialaren hizkuntza-errealitate zehatza kontuan hartu behar da lehenik, eta hortik abiatuta kasu bakoitzari dagozkion neurriak hartu. Askotariko neurriak izango dira, beraz, denak ere helburu berera bideratuak: ikasle guztiek euskaraz jakin dezatela eta ahozko zein idatzizko hizkuntza-gaitasun osoa izan dezatela. Helburu hori lortzeko behar diren bitarteko guztiak jarri behar dira, besteak beste, legedi egokia, ahozko adierazpenari astean zehar eman beharreko ordu kopurua, euskarazko klaseetarako irakasle/ikasle ratio aproposak, klaustro osoaren inplikazioa eta prestakuntza, oinarrizko ikasgaietan ahoz egin beharreko ebaluazioak. Eta bitarteko horiek handiagoak izango dira nahitaez euskararen egoera soziolinguistiko okerragoko zonetan kokatutako ikastetxeetan. Horrez gain, ziurtatu beharra dago plan horien jarraipena eta ebaluazio zuzena.
Unibertsitatean curriculum osoa euskaraz egiteko aukera eman behar zaie ikasleei, eta komunitate osoak ere euskaraz bizitzeko aukera izan behar du. Nafarroan, partikularki, ez da tutik ere garatu Euskararen Legeak berak hezkuntza-maila horretarako aurreikusitakoa. Eta gauza bera esan genezake lanbide-heziketari buruz, pertsona helduen hezkuntzari buruz, eta beste zenbait lekutan, Iparraldean kasu, gertatzen denari buruz.Era berean, hezkuntza administrazioa ere euskalduna behar dugu.Horiek horrela, esparru guztietako lege-markoak aldatu beharra dago (ofizialtasuna, hizkuntza-normalizazioa, profilak, ereduak, LPZak...), horiexek dira-eta egoera honi eusten dioten zutabeak.Ondorioz, ikastetxe guztietako plantillako langileek elebidunak izan beharko dute ahalik eta epe laburrenean eta behar diren bitartekoak jarri beharko dira langileok euskaraz behar bezala gaitzeko; bai eta irakasleen, material didaktikoaren, eta gainerako langileen hizkuntza-eguneratzea etengabea eta egokia izateko ere.
Era berean, gure gizarteko eta gure inguru hurbileko errealitatetik abiatuta, eleaniztasunak ere lehentasuna izan behar du gure hezkuntza-sisteman. Ez bakarrik lan-merkatuak hala eskatzen duelako, baizik eta, harantzago jota, egungo gizartearen hizkuntza-konplexutasunak eta konplexutasun etnikoak horretara bultzatzen gaituztelako, jakina, ahaztu gabe gure ikasle etorkinen jatorrizko hizkuntzak ere hor daudela, eta baita estatuko beste komunitate batzuetako hizkuntza ofizialak ere. Ildo horretan, egungo euskal gizarteari erantzungo dion hezkuntza-sistema propioak egiaztapen honetatik abiatu beharko luke: gure gizartean hiritar asko dago hainbat hizkuntza erabiltzeko gai dena, helburu sozial, ekonomiko, kultural, nahiz lankidetzakoekin.




No hay comentarios:
Publicar un comentario